Kontaktu@

Antzerkigintza

Euskara eta ahozko hizkuntza oinarritzat hartuz baloreak lantzeko tresna dugu. Ikasleen sormena, talde lana eta partaidetza bultzatzen da talde bizipenei aukera emanez. Rol aldaketa ahalbidetzen du ekintza lehiakorra izan barik.

antzerkia.jpg

ANTZERKIA KURUTZIAGA IKASTOLAN.

Larogeiko hamarkadan NOLEGA (Hezkuntza Saileko Euskara Zerbitzuaren Normalizazio Legearen Garapena) tik jasotako proposamenari erantzunez eta espresio munduarekiko ikastola honek betidanik izan duen jarrera baikorra bideratuz, KURUTZIAGA IKASTOLAKO ANTZERKI TALDEA sortu zen.
Garai haietan bazkal orduko tarteak zein larunbat goizak entsaioetarako uneak izaten ziren. Hasiera isila izan zen, baina BEHIN BATEAN JU,JU,JU, montaiaren aurkezpenak sekulako arrakasta izan zuen eta honek, antzerki nahia suspertu zuen ikastolan.
Hurrengo urteetan ere bere tokia izan zuen garai haietan eratuta genituen tailerren egituran eta BEHIN BATEAN ostean, montaia berriak etorri ziren: LILIPUT, IKASI ETSI GABE, POTI, IURRETONEKO MADARIKAZIOA, MUSU BATEN BILA eta ITSASOAN GALDUAK, denak bertan sortuak.
Lanak aurrera eramaterakoan bi helburu argi genituen: batetik euskal antzerkiak, gazteen alorrean noski, gidoigintzan zituen hutsuneak betetzea eta bestetik, edozein proiektu aurrera eramateko orduan talde lanak duen balore eta garrantziaz ohartaraztea.
Antzezterakoan gure esparrua ez zen ikastolako hormetara mugatu, eta eskaintza eskualdeko ikastetxe guztiei egiten genien eta horrela saiatu ginen taula gainean baieztatzen, gazteentzako antzezlan interesgarriak egin zitezkeela eta era berean, egindakoak ikusle gazteengandik erantzun baikorra jasotzen zuela. Aipatzekoa da Institutuak izan duen jarrera baikorra urte guzti hauetan aretoaren erabilpena eskatu diogunean.
Horrela urte batzuetan Durangoko ikusleez gain, Iurretakoak, Elorrixokoak, Abadinokoak eta inoiz Berrizkoak ere izan genituen. Garai haietan eskualdeko mugak gainditu genituen hor ditugu lekuko Ondarrun, Azpeitian edota Elgoibarren egindako antzezpenak.
Proiektua aurrera eramateko irakaslegoaren proiektuarekiko inplikazioa aipatu behar da, erakutsi izan den jarrera baikorrarengatik izan ez balitz, ez zen horrela aurrera joango eta. Sortu zenetik, hor izan ditugu Arazeli Alberdi testuen zuzenketak egiten, Agurtzane Ugalde argazkien bidez gure lanaren berri ematen eta tarteka Maite Arrizabalaga edo Arantza Agirre koreografiekin laguntzen eta Maria Asun Arriaga enmaketazio bereziak egiten gure montaien berri emateko.
1993-1994 ikasturtean, Kurutziaga Antzerki taldearen ibilbidean Adierazpen Artistikoa txertatzen da gai bezala Elena Fernandez-en eskutik, orduan aurkezten genuen lanari gorputza emanez eta proiektoaren ezinbesteko atala bilakatuz. Zalantza izpirik gabe URKULETASEKO BAINUETXEA obrarekin, etapa berri bat hasi zen eta beste proiektu batzuetarako hazia ereinda zegoen.
Bitxikeria bezala, urte horretan Euskal Herri mailako bideo lehiaketa batetan aurkeztu genuen IDAZLEAREN GANBARA grabazioa. Eta aurreko lanetan izandako laguntza aipatu badugu, hemen ere ezin ahaztu BALEUKO produktoratik jasotakoa, garrantzitsua gertatu baitzen. Emaitza oso ona izan zen eta hurrengo urtean, hasitakoari jarraituz, beste grabazio bat aurkeztu genuen: SKETER JIN ETA LINDA MEKANOSA. Grabazio biak jaso zuten saria eta lehiaketa bertan behera gelditu zen une berean bukatu zen gure ibilbidea bideo produkzio arloan.
1994-1995 ikasturtean proiekto ausarta aurkeztu genuen: ANTZERKIA: PLASTIKA, EUSKARA ETA TALDE HARREMANAK LANTZEKO TRESNA APROPOSA. Honek, gai curricularretan antzerkia txertatzea ekarri zuen eta ondorioz, proiektuan , guk hala erabakita, D.B.H. 1 eta 2 mailako ikasle guztien parte-hartzea. D.B.H.1 maialakoak proiktuaren hurbilketaren fase batean sartzen ziren arlo ezberdinak eta talde egituran sakontzeko helburuarekin. D.B.H. 2mailakoak aurreko urteko lanari jarraipena emanez bi espektakulu aurkezteko helburuarekin abiatzen ziren. Hemen Mirari Arakistainen parte hartzea aipatu behar da. Lehen esan dugun bezala, maila bateko ikasle guztiek parte har zezaten (kasu honetan D.B.H.2 maialkoak ) , bi proposamen edo aukera luzatzen zitzaizkien lana egiteko orduan:
GORRIAK: Talde honetan parte hartu nahi zutenak testuan eta antzerkiak dituen kanon klasikoetan oinarrituko ziren.
BERDEAK: Talde honetako ikasleek beste hizkuntza eszenikoak, musika eta dantzarekin lotutako montaietan parte hartuko zuten.
Kurtsoan zehar, denborarekin lan taldearen zutabe bilakatuko zen Amaia Jaio, Musika irakaslearen laguntza izan genuen. Antolaketa konplexu honen bidez, kurtso hartan bi montaia kaleratu genituen: NUEVA ZARAGOZAKO HERRITARRAK eta POSIBLE IZANGO BALITZ.
Esperientzia oso aberasgarria izan zen eta ondorio hauetara iritsi ginen:
-Gidoien sorkuntzan gazteak ondo moldatzen direla, hurbileko zein eguneroko gertaerak gaitzat hartuz, eta euren ideiak eta pentsakera aurkezteko modu ezin aproposagoa dela antzerkia.
-Hezkuntzak proposatzen dituen baloreak lantzeko tresna oso baliogarria dela:
Talde lana bultzatzen du, denon partaidetzan oinarrituz.
Rol aldaketa ahalbidetzen du (botere harremanetan).
Ez da ekintza lehiakorra.
Ez da sexista (aukerak ematen ditu berdintasunaren bidea jorratzeko).
Talde bizipenei aukera ematen die.
Ahozkotasuna lantzeko tresna aproposa da.
Beste komunikazio tresna batzuk esperimentatu ahal izateko bidea zabaltzen du (begiradak, keinuak…)
Gorputzaren beste baliabide batzuk deskubritzeko aukera ematen du.
Euskara hizkuntza eta espresabide bezala indartzen laguntzen du.
Eta batez ere, esperientzia honen beste ondorio bat, irakasle talde sendo bat eratzea izan da, antzerki produkzioak ugalduz: POSIBLE IZANGO BALITZ, ZUBI GIZAKIAK, SALTINBANKO, JOXE ANDRES, HITZEGIN NAHI ETA BAPEZ, ZAPATILLEN KASUA, MAKULA MAKUNKU, MUSU BATEN BILA,LILIPUT, eta IURRETONEKO MADARIKAZIOA ren adaptazio berriak.
Amaiaren haurdunaldiak direla eta, Itsaso Jaioren parte hartzea azpimarratzekoa da, bere eskutik iritsi baitziren kantu koralak espektakuloetara: STAFHAUSSEN (KUTXA MAGIKOA) eta FILIPO ERREGE GAIXOA (GORA HERRIA ASKATUTA).
Azken muntaia honetan zin dugu ahaztu Durangoko Kontserbatorioaren Orkestarekin egindako lana, benetan aberatsa eta aurrera begira bide berriak amesten animatzen gaituena.
Eta errepasoa bukatzeko, 2003-2004 ikasturtean NERABETARRAK espektakuloak ziklo baten parentesia edo bukaerara eraman gintuen eta aipatzekoa da hor Idoia Sopelanak egindako lana eszenografian gauza berriak aportatzen.
Tarte berezi bat merezi dute idazleek beraien maileguengatik: Mikel Osoro, Bertold Brech, Kavafis, Borges…eta baita ere Peru Madalena, Arazeli Alberdi, Unai Iturriaga… eta nola ez, une larrietan laguntza eman diguten Kepa Onaindia, Goiuri Iturriza, Arantza Agirre, Jurgi Barreña… eta beste hainbat, hor ixilean laguntzeko prest agertu izan direnak.
Baina Kurutziaga Ikastolako Antzerki taldearen gainean egiten ari garen hegaldi honetan, benetako protagonistak falta dira, ikasleak, eta ziur gaude betirako gordeta izango dutela noizbait antzeztutako pertsonaia edo egindako lana.
Baina lagunok, hau ez da agur bat, ezta gutxiago ere ez. Hau gure historiaren zati bat baino ez da. Burua ideiaz beterik dugu eta. .Beraz garbitu ongi belarriak, ongi zabaldu begiak zeren konturatu orduko espektakulua hastera doa…

DATUAK.

1986-1987- BEHIN BATEAN JU,JU,JU. Idazlea. MIKEL OSORO.

1987-1988- LILIPUT. Idazlea. BERNARDO ATXAGA.

1988-1989- IKASI ETSI GABE. Idazlea. BERTAN SORTUA.

1989-1990- IURRETONEKO MADARIKAZIOA. Idazlea.BERTAN SORTUA.

1990-1991- POTI. Idazlea. BERTAN SORTUA.

1991-1992- MUSU BATEN BILA. Idazlea. BERTAN SORTUA.

1992-1993- ITXASOAN GALDUAK. Idazlea. BERTAN SORTUA.

1993-1994- URKULETASEKO BAÑUETXEA. Idazlea. BERTAN SORTUA.

1994-1995. NUEVA ZARAGOZAKO HERRITARRAK, POSIBLE IZANGO BALITZ. Idazlea.BERTAN SORTUA.

1995-1996. ZUBI GIZAKIAK, POSIBLE IZANGO BALITZ. Idazlea. BERTAN SORTUA.

1996-1997. SALTINBANKO, JOXE ANDRES HITZEGIN NAHI ETA BAPEZ. Idazlea. BERTAN SORTUA.

1997-1998. MUSU BATEN BILA, JOXE ANDRES HITZEGIN NAHI ETA BAPEZ

1998-1999. ZAPATILLEN KASUA, MAKULA MAKUNKU. Idazlea. BERTAN SORTUA.

1999-2000. IURRETONEKO MADARIKAZIOA. LILIPUT.

2000-2001. STAFHAUSSEN Kutxa magikoa. Idazlea. BERTAN SORTUA.

2001-2002. FILIPO ERREGE GAIXUA. Idazlea. BERTAN SORTUA.

2002-2003. NERABERATARRAK. Idazlea. BERTAN SORTUA.

2004-2005. JUANTXO LAPRAMENDIKO KILKERRA. MATXINSALTOEN ABENTURAK. Idazlea. B. S.

2005-2006. MALINTXEREN MADARIKAZIOA. Idazlea. BERTAN SORTUA

2006-2007. BROADWAY ETA 26.KARRIKAREN KANTOIAN. Idazlea. BERTAN SORTUA